Eskola jazarpenari aurre egiteko eta bizikidetza lantzeko Laguntza programan sartu da Institutua
Laguntza programan parte hartzen ari diren ikastetxeetako irakasleak, baita IOOkoak ere, hasi dira formazio saioetan. Azaroan 4 saio izango dituzte eta abenduan beste 3. Hurrengo saioak urte berrian izango dira: urtarrilean hasi eta maiatzera bitartean. Guztira 15 formazio saio jasoko dituzte.
Hezkuntza departamenduak hasi du dagoeneko bizikidetza aholkularitza egitaraua. 2017-18 ikasturtean Laguntza programan parte hartzen ari diren ikastetxeetako irakasleei zuzendutako saioak dira. Programak bilatzen duena da bizikidetza arloan egin beharreko esku-hartzeak ez daitezela diziplinazko prozedura hutsak izan. Horretara dator ikastetxean bertan bizikidetza eta eskola-jazarpena prebenitzeko proiektuak sustatzeko asmoa. Izan ere, zuzendaritza taldeari dagokio lidergoa sustatzea testuinguru horretan eta ikastetxean bizikidetza batzordea dinamizatu beharra dago. Lan horretan, jakina, hezkuntza komunitatea ere inplikatu beharra dago: tutoreak, ikasle laguntzaileak, guraso elkarteak eta herri erakundeak, besteak beste. Hala, irakasleei, ikasleei eta familiei egoera horiei aurre egiteko formazioa eskaini nahi die Laguntza programak.
Azken batean, Laguntza programak bilatzen duena da hezkuntza bizikidetzan gauza dadila, indarkeria prebenituz eta horretarako beharrezko neurriak hartuz, landutako protokoloekin eta ikuspegi proaktiboekin; ikuspegi integratu batetik erantzun behar baitzaie, ikuspegi hezigarria lehenetsiz, zigor neurriak.
Laguntza programaren formazio saioak 15 izango dira guztira, azarotik maiatzera bitartean. Saioetan hainbat gai landuko dira, hala nola, bizikidetza eta autoerregulazioa; bizikidetza eraikitzea indarkeria saihesteko; ikastetxeen, irakasleen eta familien ardura juridikoa eskola jazarpen egoeretan; jokamolde disruptiboaren prebentzioa; taldeak eta kohesioa; ikasketa kooperatiboaren estrategiak.
Iturria: Nafarroako Gobernua.