Iñaki Ochoa de Olzako irakasle bat Andorrako toponimiari buruzko ikerketa-lanean

Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2019ko martxoaren 20a

Mikel Belaskok, IOOko irakasleak eta NUPeko irakalea izanak, eta Juan Karlos Lopez-Mugartzak printzerriko toponimoen latinaurreko jatorriari buruzko lan batean parte hartu dute; toponimoen % 10 baino gutxiago dira jatorri hori dutenak.

Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte filologoak —Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta ikertzailea eta Onomastika Elkarteko lehendakaria da— erromatarren aurreko erroa duten Andorrako toponimoei buruzko lan kolektibo batean parte hartu du. Onomastika Elkarteko idazkaria den eta, txostenaren unean, NUPeko ikertzailea zen Mikel Belasko Ortega filologoak ere parte hartu du Printzerriko Gobernuak sustatu duen lan horretan. Lan horren arabera, herrialde horretako leku-izenen % 10 baino gutxiago dira ustez latinaurreko errokotzat jo daitezkeenak, kasu batzuetan euskararekin loturik. Ikerketa honen helburuen artean, “Pirinioetako garai bateko balizko hizkuntza-jarraitutasuna” aztertzea zegoen.

Ondorioak liburu honetan jaso dira: “Anàlisi fisiogràfica de topònims andorrans d’arrel preromana. Una visió propera i tècnica del territori a través dels noms de lloc” (“Erromatarren aurreko erroa duten Andorrako toponimoei buruzko azterketa fisiografikoa. Lurraldearen ikuspegi hurbil eta teknikoa leku-izenen bitartez”). Liburua diziplinarteko lan baten emaitza da. Xavier Planas Batlle Andorrako Gobernuko Lurraldearen Antolamendurako Ministerioko geologo eta teknikariak koordinatu du lan hori, eta, arestian aipatutako Juan Karlos Lopez-Mugartza eta Mikel Belaskoz gain, Carles Gascón Chopo Alt Urgelleko Eskualde Kontseiluko historialari eta kultura ondareko teknikariak ere hartu du parte. Albert Turull Rubinat Lleidako Unibertsitateko filologo eta irakaslearen aholkularitza izan dute. Ikerketa Andorrako gaiei buruzko ikerketa eta transferentzia proiektuetara bideratutako Printzerriko Gobernuaren Lídia Armengol Vila laguntzaren barnean kokatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.