IÑAKI OCHOA DE OLZA institutuak, Nafarroako Gobernuak antolatutako “Aniztasuna Aberastasun” II. eskola-lehiaketa irabazi du

Nafarroako Gobernuak saritutako lana.Egileak: 2ªE Iñaki Ochoa de Olza.
ARGAZKI GEHIAGO HEMEN

Argazkian Aniztasuna-Diversidad hitza institutuan hitz egiten diren hizkuntza guztietan txertatu dituzte. Lehiaketan 1.468 ikaslek parte hartu dute eta 81 lan aurkeztu dira, 27 euskaraz eta 54 gaztelaniaz. Iñaki Ochoa de Olzaz gain, ikastetxe hauek ere sarituak izan dira: Hegoalde, San Miguel de Noáin, Colegio Santa Catalina Labouré, Los Sauces-Sahats, Plaza de la Cruz, IES Ega eeta Lekaroz.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiaren bitartez, “Aniztasuna Aberastasun” eskola-lehiaketa antolatu du, aniztasunari buruz gogoeta egitera eta pertsona desberdinak errespetatzen dituen gizarte bat eraikitzean ikuspegi inklusiboa eta positiboa lantzera bultzatzeko.

Haren asmoa izan da bizikidetza errespetatzen duen gizarte plural bateko herritar izateak ematen dituen aukerak balioestea.

Saritutako taldeak izan dira:

DBH Euskaraz:

Lehen saria: IESO Iñaki Ochoa de Olza DBHI (Ansoáin / Antsoain), 2ºE

Akzesita: IES Plaza de la Cruz (Pamplona), 3ºESO-modelo A

DBH gaztelaniaz:

1go saria: IES EGA (San Adrián) 3ºC

Akzesita: IES Lekaroz BHI, 1ºD y 2ºE(Lekaroz)

Aniztasunari buruzko testua eta argazkia


Parte-hartzaileek argazki bat egin behar izan dute, landu beharreko gaia kontuan hartuta, eta 80-100 hitzeko testu bat sortu beharko dute (testu deskribatzailea, testu literarioa, ipuin laburra, olerkia, bertsoa…), argazkian oinarritua eta lehiaketaren helburuekin bat egiten duena.

Lehiaketaren helburuetako bat eskola-taldeen pertsona arteko harremanak indartzea izan da, bai eta proposamenak, iritziak eta ideiak emanaraztea eta ikaskideenak errespetatzea ere.

Balorazioa egitean, epaimahaiak alderdi hauek hartu ditu kontuan:argazkiaren originaltasuna proposatutako gaiarekiko, argazkiaren kalitatea, testua zenbateraino datorren bat irudiarekin, testuaren literatur kalitatea, eta lanak bere osotasunean ematen duen mezu positiboa eta konstruktiboa.

Sari ematea apirilaren 2an izanen da, Baluarteko Ganbera aretoan, goizeko 11etan. Saria ikasleei eta beren familiei zuzendua badago ere, edozein joan daiteke ekitaldira, aretoa bete ere betiere, bistan denez..

Iñaki Ochoa de Olzako irakasle bat Andorrako toponimiari buruzko ikerketa-lanean

Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2019ko martxoaren 20a

Mikel Belaskok, IOOko irakasleak eta NUPeko irakalea izanak, eta Juan Karlos Lopez-Mugartzak printzerriko toponimoen latinaurreko jatorriari buruzko lan batean parte hartu dute; toponimoen % 10 baino gutxiago dira jatorri hori dutenak.

Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte filologoak —Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta ikertzailea eta Onomastika Elkarteko lehendakaria da— erromatarren aurreko erroa duten Andorrako toponimoei buruzko lan kolektibo batean parte hartu du. Onomastika Elkarteko idazkaria den eta, txostenaren unean, NUPeko ikertzailea zen Mikel Belasko Ortega filologoak ere parte hartu du Printzerriko Gobernuak sustatu duen lan horretan. Lan horren arabera, herrialde horretako leku-izenen % 10 baino gutxiago dira ustez latinaurreko errokotzat jo daitezkeenak, kasu batzuetan euskararekin loturik. Ikerketa honen helburuen artean, “Pirinioetako garai bateko balizko hizkuntza-jarraitutasuna” aztertzea zegoen.

Ondorioak liburu honetan jaso dira: “Anàlisi fisiogràfica de topònims andorrans d’arrel preromana. Una visió propera i tècnica del territori a través dels noms de lloc” (“Erromatarren aurreko erroa duten Andorrako toponimoei buruzko azterketa fisiografikoa. Lurraldearen ikuspegi hurbil eta teknikoa leku-izenen bitartez”). Liburua diziplinarteko lan baten emaitza da. Xavier Planas Batlle Andorrako Gobernuko Lurraldearen Antolamendurako Ministerioko geologo eta teknikariak koordinatu du lan hori, eta, arestian aipatutako Juan Karlos Lopez-Mugartza eta Mikel Belaskoz gain, Carles Gascón Chopo Alt Urgelleko Eskualde Kontseiluko historialari eta kultura ondareko teknikariak ere hartu du parte. Albert Turull Rubinat Lleidako Unibertsitateko filologo eta irakaslearen aholkularitza izan dute. Ikerketa Andorrako gaiei buruzko ikerketa eta transferentzia proiektuetara bideratutako Printzerriko Gobernuaren Lídia Armengol Vila laguntzaren barnean kokatzen da.

Gure ikasleak telebistako benetako izarrak! ETBko GureKasa programan parte hartu dute.

  • Ikasbidaiarako dirua lortu, arratsalde zoragarria pasa eta institutuaren izena izarretara eraman! Hori guztia 4. mailako gure ikasleek egin berri dutena.

Ikusi hemen Gure Kasa programa!

Eta hemen EITBtik jaso dugun esker ona:

  Miramonen, 2019ko Martxoaren 15ean

Eskutitz honen bitartez eskertu nahi nizuen pasa berri dugun martxoaren 14ean, Iñaki Ochoa de Olza Institututik ikusle moduan etorri zireneko 4.DBHko ikasleen jarrera bikaina izan zela lehenengo momentutik.

Merezitako eskutitza bueltatu nahi diet bertaratu ziren ikasleei. Izan ere, ikusi genituen ilusioz beteriko aurpegiak, txalo zaparradak, indarra eta beti ere, errespetu apal batez izandako jarrera bikaina azpimarratu nahi nizuen, Gure Kasa saioaren Zuzendaritzaren eskutik eta saio hau posible egiten dugun guztion partez ere.

Gauzak horrela izan da, berriro bueltatzearen eskaera egiten dizuet. Beraz, grabaketara gonbidatzen zaituztegu berriro ere, eta zuen esku uzten dut data berriaren ezarpena ikastolako agenda gutxien aztoratzearren.

Iñaki Ochoa de Olza institutua bere “Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua” prestatzen ari da

  • Joan den urtean hasi ginen, eta aurten helburuak, kronograma eta lehen pausu bizkorrak eman dira: “Lehenbizi, funtsezkotzat hartzen den helburua, Hizkuntzaren Proiektuaren beraren arrazoia delako eta lortu nahi den xedea delako: gure ikasleen Hizkuntza Konpetentziaren hobekuntza”.
  • Mintegi guztiak buru-belarri ari dira proiektua aberasten.