“Hazkundearen mugak” erakusketa Txantreako Iñaki Ochoa de Olza institutuan ikusgai

Ekologistak Martxan talde ekologistaren lana da hazkundearen mugak eta trantsizio ekosozialaz hausnartzeko. 12 panelek osatzen dute Iñaki Ochoa de Olzako institutuko beheko pisuan ikus daitekeen erakusketa. 

Helburua da krisi energetikoa eta ingurumenezkoari buruz kontzientzia hartzea. Valladolideko Unibertsitatearen Dinamika eta Energia taldeak, Entrepueblos-ek eta Ecologistas en Acción-ek prestatu dute erakusketa.
Erakusketak hainbat gai jorratzen ditu modu dibulgatzailean: energia eta materialen mugak, sostenigarritasuna, kolapsoak, energia berriztagarriak, biomimesia eta deshazkundea. Hauek guztiek egungo bizi eta kontsumo ereduaren alternatibak iradokitzen dizkigute. Hiru pertsonaiek gidatzen gaituzte paneletan zehar, hirurek bizitzaren aurreko hiru jarrera erakusten dituzte: “Hiritartasuna”, baliabide mugatuen jakitun eta kontzientzia kritikoaren gosez; “Lotia”, denetaz paso egiten duena; eta “Pentsamendu bakarra”, egungo pentsamolde neoliberalen isla.
Gure sistema ekonomikoa mugarik gabeko hazkundean eta naturaren etengabeko hustiapenean oinarritzen da. Bide hau hartuta, gure zibilizazioak ezinbestez topo eginen du natur baliabideen agorpenarekin, eta ondorioz, krisi ekologikoarekin. Ezinbestekoa dugu trantsizioa beste mundu baterantz, erregai fosilen menpekotasunik gabe, ingurumen krisia   eta klima aldaketaren ondoriorik txarrenak sahiestu nahi baditugu.